Aurreko sei edizioetan eragileek egindako lanari aitortza egingo zaio Zumardian kokatu den argazki erakusketarekin

La Yegros musikari argentinarrak abiatuko du lehen kontzertua, Ines Osinaga lagun duelarik

Hemen da Atlantikaldia jaialdiaren zazpigarren edizioa. Gaurtik eta larunbatera bitartean sei kontzertu berezi eskainiko dira Fanderiako tenis pistan kokatutako karpan. Ekitaldi guztietarako gonbidapen guztiak banatu ditu jaialdiak dagoeneko, ezinbestekoak aurtengo edizioan aforoak zaintzeko.

Osasun larrialdi egoera dela eta, egungo segurtasun neurriekin bat datorren jaialdia formulatu behar izan du antolakuntzak. Dena den, jaialdiaren arima ez da 3 egun hauetara mugatuko: herriko eragileek proposatutako proiektu eta ikuskizunak abendura bitarteko kultur egutegian kokatuko dira.

Hala ere, Atlantikaldiak keinu bat egin nahi izan die aurreko sei edizioetan eragileek egindako lanari eta orain arte jaialdiaren bihotza izan den tokian, Zumardian, argazki erakusketa bat kokatu du. Gaurtik hasita ikusgai egongo dira eragileek egindako lana balioan jartzen dituzten argazkiak.