● Ostegunean bukatuko da 2020ko ediziorako proposamenak bidaltzeko epea. ● Jaialdiaren kartela Nafarroako eta Argentinako bi diseinatzaileren elkarlanaren emaitza izango da.

“Covid-19ak sortutako egoera bereziaren aurrean, jaialdiaren nondik norakoak irudikatzea zaila den arren, Atlantikaldiaren edizioa herriaren kohesio eta elkartasuna aldarrikatuko duen festa batean bilakatu nahi dugu”. Hala adierazi du Atlantikaldiako antolakuntza taldeak. Horretarako, egitarau berezia eskaintzeko lanetan ari dira, eta ohikoa denez, eragileekin batera osatu nahi dute 7. edizioko programazioa ere.

Hamaika proposamen jaso dituzte dagoeneko, eta jaialdiko lantaldeak eskerrak eman nahi dizkie euren ideia berritzaileekin jaialdia elikatzen ari diren herritar eta eragile guztiei. “Gizartean eta herritarrengan antzematen den elkartasuna, etorkizuneko jendartea eratuko duen zutabe bilakatuko da. Atlantikaldia ilusio izpi bat izatea nahi dugu,une batez etorkizunera begira jarri eta, laster, elkarrekin gozatzeko jaialdia irudikatu”, adierazi dute.

Honek guztiak bat egiten du jaialdiaren aurtengo leloarekin: ‘Ortzimugak’. “Egungo errealitateak edukiz bete du 2020ko jaialdirako aukeratuta genuen leloa. Zeruak eta itsasoak bat egiten duten puntu hori, lehenaldi eta etorkizunaren arteko metafora bilakatuta, garaien arteko inflexio puntua bihurtu da”, esan dute. Proposamenak bidaltzeko epea ostegunean, hilak 30, amaituko dela gogorarazi dute eta esteka honen bidez bidal daitekeela.

Jaialdiaren kartela abian

Sorkuntzak berezibiko garrantzia izango du aurtengo Atlantikaldian ere. Hala, azken urteetako bideari jarraiki, jaialdiaren irudia izango den kartela elkarlan baten emaitza izango da. Aurtengoan, ozeano Atlantikoko bi ertzak batuko ditu sorkuntzak: ‘Malmo ilustrazio estudio’ko J. Angel Perotxena elizondotarra eta Argentinako ‘Studio Josefa’ko Josefa Coimbra izango dira, hain zuzen, egileak eta ‘Ortzimugak’ leloa oinarri hartuta ari dira lanean. Elkarlanaren emaitza aste batzuen buruan erakutsiko dutela esan dute antolakuntzatik.