Errenteriako Udalak Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren seigarren edizioaren balorazioa egin du prentsa aurrean. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak hartu dute hitza. Tolosak azaldu duenez, antolakuntza taldean, “beste behin”, pozik daude jaialdiak eman duenarekin, “oso-oso pozik”. Baina ez horrekin bakarrik: “Herritar zein bisitariak ere pozik ikusi ditugu. Horrek ematen dio zentzua jaialdiari”, gaineratu du.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak aurtengo jaialdiak izan duen inpaktu analisiaren berri eman du. Ikerketa Oarsoaldea Garapen Agentziak garatu du eta bere oinarria Dinycon enpresaren pertsona zenbatzailea (Herriko plazatik Zumardira eta Zumarditik Herriko plazara jendeak egindako joan-etorriak zenbatu ditu) eta jaialdiko publikoari egindako 526 inkesta izan direla azaldu du.

2019ko edizioak 33.000 bisitari izan ditu datuen arabera, iaz baino %10 gehiago (Dinyconen zenbatzaileak 2018ko ediziotik %20ko igoera detektatu du baina Foru plazan kokatu duten Gastrogune berriak eragindako joan etorriak direla eta, igoeraren datu erreala %10ean estimatu dute): “Publikoak egitarauaren kalitatea saritu du. Datozen edizioei begira, horretan jarriko dugu indarra hain zuen; kalitatezko jaialdi bat eskaintzea da gure nahia” azpimarratu du alkateak.

Kanpotik etorritako bisitarien kopurua ere igo egin da: publiko osoaren %24a izan da Errenteriatik kanpokoa. Errenteriatik kanpokoen artean, eskualdekoak ez direnak %47 dira. “Atlantikaldiak gero eta proiekzio handiagoa du eskualdetik kanpo”, esan du alkateak. Gainera, kanpotik etorritakoei datorren urteko jaialdira etortzeko asmoaz galdetzerakoan, %95ak baiezkoa eman du duela azpimarratu du. ”Publikoaren erantzuna apartekoa izan da eta asebetetze maila oso altua dela diote datuek: %84ak gustuko izan du egitaraua”.

Pozik agertu da Errenteriako alkatea datuak ematerakoan: “Seigarren edizio hau, eguraldia lagun, jaialdi borobila izan dela esan dezakegu”. Atlantikaldia inguruko jaialdien zirkuituan indartsu sartu dela ere esan du. “Hau benetan da garrantzitsua guretzat, Errenteria kultur erreferente bilakatzen laguntzen duelako eta gure herria mapan kokatzen duelako” gaineratu du.

Kultur Topagune parte-hartzailea

Jaialdiaren arrakastaren beste gako bat aipatu nahi izan du Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak: “Eragileen inplikazioa aparta izan da: kultur eragileak, kirolari lotutakoak, merkatariak, ostalariak…” Horiez gain, komunitate ezberdinetako eragileek Atlantikaldia euren egutegian txertatu dutela ere esan du Tolosak: “Egitaraua osatzeko ekintzak proposatzeaz gain, jaialdiaren kontsumitzaile ere bilakatu dira”. Halaber, “bereziki” garrantzitsua den zerbait lortu dela azpimarratu nahi izan du: “Atlantikaldia herriko komunitate anitzen arteko elkarbizitzaren eredu bilakatu da. Herritarren topagunerako molde berriak sortu ditugu guztion artean”

Horren erakusle, bi datu eman ditu zuzendariak: “2019ko edizioak ia 90 jarduera bildu ditu eta horiek 24 jatorri ezberdinetako eragileek garatu dituzte”. Tolosaren hitzetan herriak babesa eman dio jaialdiari seigarren urtez egitaraua osatzerako orduan eta baita parte-hartzerakoan ere; “Hau oso pozgarria da guretzat”. Etorkizunean jarri nahi izan du Iker Tolosak begirada eta Atlantikaldiaren filosofia urte osoan zehar gertatzen diren ekintzetara zabaltzeko lanean jarraituko dutela adierazi du. Amaitzeko, datorren urteko Atlantikaldia, irailaren 24tik 27ra ospatuko dela aurreratu du.