Marea Biziek eraginda sorkuntzaz gainezka dator aurtengo Atlantikaldia, abesti eta guzti

  • ‘Marea Biziak’, 2019 edizioko leloa

  • Nøgen musika taldeak jaialdiaren abestia sortu du.

Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia da Atlantikaldia. Aurten, bere seigarren edizioa ospatuko du irailaren 19tik 22ra eta ‘Marea Biziak’ izango da bere leloa. Nøgen musika taldeak sortu du ‘Marean’ izenburua daraman Atlantikaldiaren abestia.

Marea biziak

Jaialdiaren lehen edizioetan hasi ziren Itsas Elkarrizketek, 2017an sortu ziren Itsas Topalekuek eta iazko Itsas Korronteen baturak eragindako Marea Biziek sorkuntzaz beteko dute aurtengo Atlantikaldia.


Marea bizien itsasbeheraren eraginez kostaldeko inguruak agerian geratzen dira, ikuspegi ikusgarriak erakutsiz. Urak estalita izan ohi dituen zirrikitu eta txokoak bistaratzen dituzte marea biziek, eta Atlantikaldiak ere, oraindik ezagun ez diren sortzaile eta artistak bistaratzeko apustua egin nahi du, sortzaileentzako tranpolina izan nahi du, hain zuzen.

Marea bizietako itsasgoretan berriz, nabigagarri ez diren lekuak urez betetzen dira, eta bertaratzeko aukera eskaintzen dute; Atlantikaldiaren itsasgorak musika eta kulturaz beteko du Errenteria, herritar ororen eskura jarriz.

Sorkuntzak, beraz, garrantzia berezia izango du aurtengo edizioan ere, Marea Biziak lelopean artista eta eragileen jarduna azaleratu nahi da, sorkuntza bera, prozesu bizi eta etengabeko eraldaketan dagoen fenomeno gisa azalduz. Eta, era berean, ingurua eraldatzeko kultura gisa erabiliz. 

Dagoeneko 2019ko edizioa sorkuntza prozesu ezberdinetan barneratua dago, ohiko Itsas Elkarrizketez gain, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko Atlantik 1050 proiektua abian da, adibidez.

Beste sorkuntza prozesu baten fruitua da Nøgen musika taldeak aurtengo Atlantikaldiarako sortu duen kantua ere. 2016an Danimarkako Erasmuseko gau luzeek jo zituzten Nøgenen lehen ukelele akordeak. Ibilbide laburreko taldea izan arren, zeresan handia eman zuten hiru kantako lehen EParekin, eta pasa den Gabonetan Liv til døden (Hil arte bizi, danieraz) diskoa aurkeztu zuten.

Beraien nortasun bilakatzen ari den pop-folk urbanoa oinarri hartuta sortu du taldeak Atlantikaldiaren abestia ere. Hitzak berriz, Beñat Gaztelumendi bertsolariak idatzi ditu. Ondoren, Usurbilgo Haritz Harreguyren estudioan grabatu dute lana.

Kartela

Euskal Herria eta Mexiko, Atlantikoak banatzen dituen bi herri, sorkuntzak batu ditu. Jaialdiko kartela sortzeko iazko bideari jarraiki, Errenteriako Savanna estudioko Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandum eta Daniel Delgado ‘Pistachie’ ilustratzaile mexikarraren arteko elkarlanaren emaitza da aurtengo irudia eta kartela: Ozeano Atlantikoaz bestaldeko Marea Bizien erritua islatu nahi izan dute bertan, mexikar magia oinarri hartuta; izan ere, herrialde horretan, Guadalajaran hain zuzen, egin dute lana. Hala, 2019ko Atlantikaldiaren atmosfera sortuko duten bi jainkosa mexikar irudikatu dituzte konjuru bat egiten.


Savanna estudioa Rodriguezek (Errenteria, 18984) eta Ndungmandumek (Vigo, 1981) eratu zuten 2014an. Ordutik mota ezberdinetako lanak egin dituzte: infografiak, markak, kartelak, liburuak, webguneak… Ibilbide honetan, freskotasuna eta atrebentzia dira lantaldea definitzen duten ezaugarriak. @gusavanna

Daniel Delgado ‘Pistachie’ (Villahermosa, Tabasco, 1989) ilustratzailearen lanak, bestalde, mexikar kultura herrikoia eta bere forma ugari eta anitzak ditu premisatzat: ahozko historia, soinuak, mitologia, arte apaingarriak, eltzegintza, ehungintza eta abar luze bat. Bere lanak ez du bilatzen bere herrialdeko tradizioa folklore eta exotismoaren bidez islatzea; Aitzitik, proposamen fresko eta garaikidea eman nahi die Mexikori nortasuna ematen dioten elementuei. Bere marra eta konposaketek Mexikar kultura bizirik eta etengabeko eraldaketan dagoela gogorarazten digute. @pistachie