Atlantikaldiaren izaera.


Atlantikaldia, kultur topagune eta musika jaialdia 2014. urtean sortu zen hiru ardatz nagusiren gainean: Errenteriaren itsas memoria berreskuratzea, herria mundura begira jartzea eta mundua herrira begira jartzea.

Herritar zein eragileen arteko elkarlana bultzatzen du gaur egungo erronkei aurre egiteko eta etorkizuneko Errenteriari buruzko gogoeta zabaltzeko. Era berean, tradizioak berreskuratu eta plazaratzen ditu herriaren nortasuna aberasteko.

Atlantikaldiaren ardatzetako bat etengabeko bilakaera da. Edizioz edizioz irabazitako esperientziak jaialdiaren garapena ahalbidetu du.

Bilakaera hau bi norabidetan lantzen da. Batetik, jaialdia mundura irekia dago eta kanpoko eraginek urtero berrikuntzak edota aurkikuntza bereziak topatzea eragiten dute. Bestetik, Atlantikaldia barrura egiten den bidaia bat da. Historian murgiltzen da eta ez soilik itsas memorian, baita herritar bakoitzak mundua ulertzeko duen eran ere. Sustatzen diren interakzioek proposamen eta ikuspegi berriak ekartzen dituzte.

Kultur topagune.


Kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetzen dira herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Eragileen proposamenekin sortzen da jaialdiaren programazioa, non kultur ekintza anitzak topa daitezkeen: jolasak, erakusketak, antzerkia, dantza, kaleko artea, teknologia, gastronomia, azokak…

Urtero, antolakuntzatik, jaialdiaren edukiak itsasoarekin lotura izaten saiatzen dira.

Musika Jaialdia.


Ez da musika jaialdi bat gehiago. Atlantikaldiaren barruan beste jaialdietatik paregabe egiten duen Itsas elkarrizketak izeneko ekimena jorratzen da. Ekimenaren barruan, kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlana bultzatzen da, ondoren eszenatokian islatzen dena. Kanpoko izen handiko artistek bertako artistekin batera ikuskizun berezi eta errepikaezinak lantzen dituzte. Honek Atlantikaldiaren taula gainean ikusten dena ikuskizun apart bilakatzen du.