Atlantikaldia 2018: Itsas korronteak

Irailaren 20etik 23ra


Itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte… baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere, itsaso horretan eragin nahi du.

Garai bateko marinelen antzera, itsasoa ulertu eta bere baitan duen indarraz baliatuta egin beharko genuke aurrera, elementuei bizkarra eman beharrean, elkarren artean lagunduz. Itsas korronteak izan ziren munduarekin konektatu gintuztenak eta munduarekin dugun loturak inoiz baino handiagoa dirudienean, konexio hau inoiz baino azalekoagoa da. Atlantikaldiak bere ekarpena egin nahi du zentzu honetan, herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremana sendotuz.

Edukia bertako eragileek emango diote, izan ere, haiek baitira jaialdiaren programazioa osatzen dutenak eta beraien proposamenak dira Atlantikaldiaren muina. Era berean, Errenteria beti izan da mundura irekia. Mendetan zehar beste herrien influentzia izan du eta gaur egun aniztasun hau bere nortasun zeinua da. Horrela, eragileak dira herriaren aniztasunaren benetako islada.

Sorkuntza artistiko ezberdinak sustatuko ditu jaialdiak, Itsas Korronte ezberdinak hain zuzen ere, eta horretarako Itsas Elkarrizketak indartu eta Itsas Topalekuak zabalduko ditu aurtengo edizioak.