Errenteriako Udalak lehen balorazio bat egin nahi izan du Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren bosgarren edizioa bukatu eta egun gutxira. Jaialdiaren zuzendaria den Iker Tolosak azaldu duenez, antolakuntza taldean pozik daude jaialdiak eman duenarekin, “oso pozik”.


Baina ez horrekin bakarrik, jendearen parte-hartzea ere oso modu positiboan baloratu du: “Inoiz izan den Atlantikaldiarik jendetsuena izan da. Herriko plaza eta Zumardia lotzen diren puntuan jarri dugun pertsona zenbatzaileak jasotako datuen arabera, jende kopuruaren %10eko igoera izan du aurtengo jaialdiak 2016koarekin alderatuta” (iazko daturik ez dago). Edizioz edizio, musika eskaintza izan ohi da publikoa erakartzeko Atlantikaldiaren giltzarrietako bat. Oraingoan, Bebe, Nneka edo Esne Beltza bezalako izen handiak izan dira kartel-buru. 

Hala ere, Tolosak, haratago joan nahi izan du eta publikoaren igoeraren arrazoiak azaltzerakoan: “Lehendakari plazako kontzertuetan jende uholdeak izan dira baina ekintza guztiek bete dute plaza, oro har: Herriko plazako formatu txikiagoko kontzertu eta dantza ikuskizun bereziek, Herrixkan familiarteko publikoari zuzendutako proposamenek, Kalekaian gazteei zuzendutako egitarauak… Kalitatezko egitaraua osatu dugu disziplina guztiei dagokionean, eta publikoak saritu egin du hori”.

Guztien eta guztientzako jaialdia

Jaialdiaren arrakastaren beste gako bat aipatu nahi izan du Ion Collar Kultura zinegotziak: “Eragileen inplikazioa aparta izan da. Guztien lanari esker osatu ahal izan dugu maila goreneko egitaraua”. Egitarau horretan, herriko elkarte askoren proposamena jaso da baina gainera, Errenteriako mugak gaindituz, jaialdiak kanpoko eragileak ere erakartzen jakin duela nabarmendu du zinegotziak: “Benetan garrantzitsua da hau guretzat. Errenteria kultur erreferente bilakatzen ari da eta gure herria mapan kokatzen”. Collarrek, beraz, eskerrak eman nahi izan dizkie Atlantikaldia posible egin duten babesle eta laguntzaileei, herritarrei eta kanpotik etorri diren bisitariei.

Samira Goddi Komunitate bizikidetza eta lankidetzarako teknikariak bere aldetik, jaialdiaren aportazioa baloratu nahi izan du: “Herritarrek topo egiteko eta elkar ezagutzeko molde berri bat sortu dugu Atlantikaldiarekin. Jaialdi formatu berri bat eraiki dugu, guztiontzako den jaialdia”. Errenterian 80 komunitate ezberdin bizi dira elkarrekin eta horiek espazioak konpartitzen ikustea “pozgarria” dela esan du Goddik. Bestalde, kulturen arteko bizikidetza oinarri duten ekintzen arrakasta nabarmendu nahi izan du; hala nola, Henna margoketa edo Sukaldian ekimena. 

Azken honek berrikuntzak ekarri ditu, gainera, eta horiei esker, elkarte solidario bat babestu ahal izan du Atlantikaldiak: “Sukaldian ekimeneko tailerretan prestatutako errezetak Gastrogunera eraman ditugu herritar guztiek munduko gastronomia dastatzeko aukera izan dezaten. Plater horiek euro baten truke eros zitezkeen eta jasotako dirua Zaporeak elkartearentzako izan da. 551 € guztira”. Amaitzeko, etorkizunean jarri nahi izan du Iker Tolosak begirada eta Atlantikaldiaren filosofia urte osoan zehar gertatzen diren ekintzetara zabaltzeko lanean jarraituko dutela adierazi du. “Gainera, beste erakundeekin lankidetzarako ateak zabaltzen jarraitu nahi dugu eta bide hori garatu”, gaineratu du.