Jendetza Atlantikaldia jaialdiaren hirugarren egunean

Itsasargi nagusia

Dantza, giro aparta, txaloak, une hunkigarriak… hori guztia eta gehiago ekarri zuen atzo Amparanoia taldearen kontzertuak Atlantikaldiara. Lehendakari Agirre plazan kokatutako karpara bertaratu zen jendeak gogotsu hartu zuen taldea, eta Amparo Sanchez eta bere taldekieek ere, kontzertu bikaina eskaintzeko asmo argia erakutsi zuten hasiera-hasieratik.

Jaialdiak inoiz izan duen kontzerturik dantzatuena bihurtu zen atzokoa. Esne Beltzako Xabi Solano eta Piniren laguntzarekin ekin zioten errepertorioari eta “Buen rollito” abestiaren erritmora festa lehertu zen Itsasargi Nagusian.

“En la noche” abestiaren ordua iritsi zenean berriz, Sorkun igo zen taula gainera, eta plazan zegoen jendeak txalo zaparrada batekin jaso zuen errenteriarra. Guztiek batera une ahaztezinak oparitu zituzten.

Euren aurretik, AEB, Irlanda, Ingalaterra eta Madrildik etorritako Track Dogs laukoteak berotu zuen Itsas Argi Nagusiko oholtza. Taldeak poza eta baikortasuna transmititu zituen lehen minututik eta jai handia bilakatu zuen euren emanaldia. Xafol-K Klake taldea eta Sagari Ur izan zituzten ondoan, gainera.

Herria beteta

Baina Lehendakari Agirre plazan ez ezik, jende andana ibili zen Errenterian egun osoan zehar. 30 ekintza baino gehiago izan ziren gune ezberdinetan banatuta. Kalekaiara goizetik iritsi ziren hip-hopa, tattoo eta henna, kale kirolak eta graffitiak. Zumardian kokatutako Herrixkan,tailerrak, piknik-a eta ipuin kontaketak. Teknologiak bere lekua hartu zuen Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean, Foru plaza Azoken Azoka bihurtu zen eta Herriko plazan, kontzertu txikiak handi egin zituzten musikariek:

Son Candela, Osian Morris and Nicolas Davalan eta eguneko azken kontzertua Judit Neddermann eta Pau Figuerasek eskeini zuten, Sonakay abeslariaren kolaborazio bereziarekin.