Kukai Dantzak plaza bete zuen Atlantikaldiaren lehen egunean

“Adiskideak” izenburupean, Errenteriako taldeak bere onena erakutsi zuen oholtza gainean. Eta ez zuen bakarrik egin. Atlantikaldiarako espreski prestatu zuten saio bakar eta berezi honetan, bere ibilbidean lagun dituen artista ugari eta herriko hainbat talde zein musikari aritu ziren Kukaiko dantzariekin batera: Oreka Tx, Iñaki Salvador, Dj Zigor, Ereintza Dantza Taldea, Galizia Etxeko gaiteroak, Aitor Albistur bertsolaria…

Zirraragarria izan zen Kukai Dantzak Atlantikaldiaren laugarren edizioko lehendabiziko egunean eskaini zuen emanaldia. Lehendakari Agirre plazako karpa txiki geratu zen eta txalo zaparradak etengabeak izan ziren ikuskizun osoan zehar.

Hasiera ekitaldia

Arratsaldean Zumardian kokatutako Herrixka izan zen gune protagonista eta inaugurazio ofizialaren lekuko. 17:00etatik aurrera herritar txikienek hartu zuten gunea eta bertan izan zuten zirku tailerraz eta hainbat jolasez gozatzeko aukera.

19:00etan puntuan eman zioten hasiera Errenteria Musikaleko dantza ikasleek irekiera ekitaldiari. Bateleren dantza izan zen hautatutako pieza eta horretarako eskola bereko txistulariak ere izan zituzten lagun.

Egunari amaiera emateko, Fermin Muruguzak zuzendutako “Nola” filma ikusteko aukera izan zen Herriko plazan.

Badator olatua!

Goizetik busti zuen, ordea, Atlantikaldiaren olatuak Errenteria. Herriko Lehen Hezkuntzako kastetxe guztietatik etorritako1.300 haur inguru Oiartzun ibaiaren ertzean bildu ziren, Iztietan, 1:00etan. Guztien artean, itsaso zabaleko ur tantakbailitzan, olatu bakar eta paregabea osatu zuten Errenteriako aniztasuna islatuz.