Oiartzun ibaian (Iztietan) egingo da lehen ItsasGora Fest jaia. DJ Makala (EH) eta Denis Barzaga perkusiojole kubatarra arituko dira ur gainean kokatuko den oholtza berezian. Atlantikaldia jaialdiaren aurretik antolatuko den lehen jaia izango da hau.

Irailera begira motorrak berotu nahi ditu aurtengo Atlantikaldiak eta horretarako, herritarrez gain, aurtengo edizioan parte hartuko duten eragileak gonbidatu ditu ItsasGora Fest! jaialdira.

Arratsaldeko 18:30ean hasi ziren herritarrak gerturatzen Iztieta auzora. Aurtengo Atlantikaldiako babesle den Mahalak izozkiak banatu zituen gaztetxo eta ez hain gaztetxoen artean. Iztietara gerturatzen ziren lehen 200 pertsonentzako izozkiak doan izan ziren.

Ur gaineko lehen musika saioa

DJ Makala (EH) eta Denis Barzaga perkusiojole kubatarra aritu ziren ur gainean kokatuko oholtza berezian. Donostiako Udalak utzita ekarri zen 5 x 4 metro luzeko oholtza berezi hau Errenteriara. Bertaratu zirenek Makala eta Barzagaren doinu tropikalekin dantzatzeko aukera izan zuten. Bi hamarkada luze igaro dira Makala musikaren munduan murgildu zenetik. Ibilbide horretan areto ezberdinetako eta irratsaioetako diska jartzailea, musikari, ekoizle lanetan eta beste artista batzuentzako nahasketak egiten ibili da. Atzo lehen aldiz ur gainean musika jartzen egon zen: “Esperientzia berri bat ibai baten erdian musika jartzen egotea! Eskerrik asko!”

Atlantikaldia jaialdiko eragileak

Aurtengo edizioan parte hartuko duten eragileak gonbidatu zituen Atlantikaldiak ItsasGora Fest! jaira. Bertan bildu eta argazkia atera zuten Ion Collar Udal Kultura zinegotzia eta Laura Landa, Atlantikaldiako zuzendariarekin batera. Atlantikaldian kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetzen dira herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Eragileen proposamenekin sortzen da jaialdiaren programazioa, non kultur ekintza anitzak topa daitezkeen: jolasak, erakusketak, antzerkia, dantza, kaleko artea, teknologia, gastronomia, azokak… Urtero, antolakuntzatik, jaialdiaren edukiak itsasoarekin lotura izaten saiatzen dira. Antolatzaileen hitzetan, atzokoa, Itsas Topaleku bikain eta borobila izan zen.