Atlantikaldia_Ibiza

• Herritarrek, jaialdiak prestatu dituen paperezko itsasontzi txikiak eraiki eta oporretan itsasontziarekin ateratako argazkiak sare sozialetara igotzea da proposamena #HerritikMundura eta #(lekuaren izena) traolak erabiliz.

• Helburua herritarren parte-hartzearen bidez Atlantikaldia jaialdia munduan barrena zabaltzea da. Jaialdiak munduko kulturak lehorreratzen ditu Errenterian, baina ba al du munduak Errenteriaren berri?

• Errenteria, Donostia eta Gipuzkoa osoko hainbat puntu ezberdinetan jaso daitezke Atlantikaldiako itsasontziak. Nahi izanez gero, jaialdiak web orrialde bat prestatu du, bertatik itsasontzi origamiak jeitsi eta etxean ere inprimatu ahal izateko: atlantikaldia.errenteria.eus/uda

Errenteria mundu osora

Sortu zenetik, Errenteriak lotura zuzena izan du itsasoarekin. Beti egon da mundura zabalik, joan-etorrien lekuko izan da; hori irudikatuko du Atlantikaldiak aurten. Garai bateko lehorreratze handi bat bailitzan, herria munduko txoko ezberdinetako musika, hizkuntza, gastronomia, jolas eta bestelako kultur jarduerez beteko da. Bertako eta kanpoko eragileei esker lau egunez Errenteria kolorez eta doinuz jantziko da.

Baina munduak ba al du Errenteriaren berri? Jaialdiaren datak iritsi aurretik, herritarrek jaialdiko irudia munduan barrena zabaltzeko aukera izango dute proposamen parte-hartzaile honen bitartez. Atlantikaldia izeneko Kultur Topagune eta Musika jaialdi bat badela eta guztiak ongi-etorriak direla zabaldu nahi da. Era berean, herritarrak jaialdiaren hedapenean inplikatzeko deia egiten dute antolatzaileek, aurtengoa ere jaialdi errepikaezin eta paregabe bihurtzeko helburuarekin.

Nola zabaldu argazkiak

Facebook, Instagram eta Twitter sare sozialetara igotzea proposatzen du jaialdiak #HerritikMundura eta #(lekuaren izena) traolak erabiliz. Horrela, argazkien zabaltze birala bultzatu nahi da. Nahi duenak info.atlantikaldia@errenteria.eus helbidera ere bidali ditzake bere argazkiak eta jaialdiak berak zabalduko ditu sare sozialen bitartez.

Itsasontziak jasotzeko lekuen zerrenda

Errenteria, Donostia eta Gipuzkoa osoko hainbat puntu ezberdinetan jaso daitezke Atlantikaldiako itsasontziak: turismo bulegoetan, kultur etxeetan, Oarsoaldeko ostatuetan… Nahi izanez gero, jaialdiak web orrialde bat prestatu du, bertatik itsasontzi origamiak jeitsi eta etxean ere inprimatu ahal izateko: atlantikaldia.errenteria.eus/uda