Kultur lehorreratze erraldoi bat irudikatuko du Atlantikaldiaren laugarren edizioak, Errenteria Itsas Topaleku bilakatuz.

Irailaren 21etik 24ra ospatuko den jaialdiaren kultur egitaraua eragileek bidalitako proposamenetatik aterako da.

Julen Mendozak, Errenteriako alkateak, Laura Landak, Atlantikaldiako jaialdiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak, eta Ion Collar, Kultura zinegotziak, Atlantikaldia 2017 jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean. Bertan kultur programazioa osatzeko jaso diren proposamenen eta jaialdian izango diren musika taldeen eta ikuskizunen berri eman dute. Baita laugarren edizioak Errenteria Itsas Topaleku bilakatzeko duen asmoaz ere.

Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia, irailaren 21etik 24ra ospatuko da. Lehenengo bi edizioetan Errenteriaren itsas-izaera barneratzea lortu zuen jaialdiak. Iazko hirugarren edizioa, Atlantikotik haratago, mundura zabaldu zen, beste itsaso eta itsas herriekin harremanak bideratuz eta Errenteriaren izaera aberastuz.

2017ko laugarren edizio honetan, zabalpen bide honekin jarraituko du Atlantikaldiak, orain arte egindako ibilbidea baliatuz, Itsas Topaleku bilakatzeko. Kontzeptu hau bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagunea eta musika jaialdia. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarnetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.

Itsas topaleku

Atlantikaldiak, itsasontzi handi bat balitzan, lau eguneko kultur lehorreratzea irudikatuko du. Helburu hori lortzeko, Errenteriako alkatearen hitzetan, “munduko txoko ezberdinetako musikak, hizkuntzak, gastronomia, jolasak eta bestelako jarduerak ekarriko ditu”. Lau egunez, Errenteria kolorez eta doinuz beteko da, garai bateko itsas portuetan bezala etorrera bakoitzarekin herria goitik behera eraldatuz. “Jaialdiak nortasun berezia izango duten guneak sortuko ditu, modu berezian apaindutako Itsas Topalekuak irudikatuz. Topaleku hauen bitartez, herriko hainbat espazio eraldatuko da, aurreiritzirik gabeko guneak bihurtzeko helburuarekin. Gune hauek berriak izango dira herritar zein bisitarien begietan. Horrela, topalekuek, Atlantikaldia ikuspegi zabalarekin gozatzea ahalbidetuko dute”, azaldu du Mendozak.

Herriaren izaerarekin bat datozen balioak

Kultur topagune bezala, Errenteriaren izaerarekin bat datozen balioak barne hartzen ditu Atlantikaldiak. Ion Collar Kultura zinegotziak esandakoaren arabera, “jaialdi parte-hartzailea da, herritarrek eta herritarrekin egina”. “Kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza erraztea du helburu. Eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzen du, gure artean eta kultura ezberdinen artean”, esan du. Jaialdia aurrera ateratzeko “eragileen inplikazioa beharrezkoa” dela eta “Atlantikaldiak, kultura modu zabalenean ulertzen” duela azpimarratu du Collarrek, “aniztasuna eta oreka sustatuz”.

Jaialdiaren nortasun herritarra

Oinarrian dagoen filosofiari eutsiz, herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraituko du Atlantikaldiak. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren partehartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastuko du aurtengo kultur programazioa. Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei: “Aurten ere, aurreko hiru edizioetan bezala, proposamen zaparrada ederra jaso dugu Atlantikaldiaren programazioa osatu eta aberasteko. Eskerrak beraz, guztiei.” Disziplina aniztasunari ere erreparatu dio: musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia daukatenak, tailerrak, azokak, kaleko artea,… Atlantikaldiako lantaldea bideragarriak diren proposamenekin programa osatzen ari da une honetan: “70 bat ekintzekin osatutako egitaraua izango da aurtengoa, herritarrei ahalik eta eskaintza zabalena emateko asmoz”, gaineratu du Collarrek.

Musika jaialdia

Atlantikaldiaren bigarren zutabea musika jaialdia da. Laura Landa, Atlantikaldiaren zuzendariak eta Kultura teknikariak aurtengoan parte hartuko duten zenbait talderen izena aurreratu du: “Alpha Blondy eta Amparanoia taldeak izango ditugu kartel buru aurtengo edizioan. Hauekin batera, Kukai Dantzaren Adiskideak ikuskizuna ere gure artean izango dugu Lehendakari Agirreko eszenatoki handian”. Zuzendariak, halaber, bere poztasuna adierazi du Kukai konpainiak edizio honetan izango delako. Dantza talde errenteriarrak 3 Max sari eskuratu berri ditu. (Taldeen informazio gehiago eta bideoak, atxikitako dokumentuan) Musika emanaldi gehiago izango direla baieztatu du, baina momentuz ezin dute gehiago aurreratu. “Taldeak itxi ahala webgunean eta sare sozialetan emango dugu haien berri.” Kontzertu berezi eta bakarrak izango direla azpimarratu du. “Duela bi urte abiatutako Itsas Elkarrizketekin jarraitu dugu, kanpoko eta hemengo musikarien artean kolaborazioak eta egonaldiak sustatuz.”