Bailara osoan zeuden lau herriguneetatik (Orereta, Elizalde, Altzibar eta Iturriotz), Errenteria zen itsasora sarbidea zuen bakarra. Hainbat familia finkatu ziren bertan, eta euren izaera eraikitzaileri esker, ibaiaren abantailak ustiatzen jakin zuten, itsasoaren industrian eta burdinolen esparruan lan egiten hasiz.

1320an Gaztelako erregeak Hiri-Gutuna eman zion herriari. Garai hartan, itsas merkantzien zergak kobratzen ziren, errenta izenekoak, eta jendea Errenteria deitzen hasi zen. Portuko lekurik lasai eta babestuenetako batean joan zen herria garatzen. Errenteriak portua eta lonjak zituen, eta hein handi batean itsasoari lotuta garatu zen herria. Lonjei esker, Errenteriak badiak itsas-merkataritzan zuen garrantziari etekin nabarmena atera zion, izan ere, portura iritsi edo ateratzen ziren salgaien gainean hainbat kobratzeko eskubidea baitzuen.

Errenterian nabigazioarekin zerikusia zuen jendea bizi zen eta Oiartzun ibaiaren bazterrean eta badian bost ontziola finkatu ziren. 800 tona arteko itsasontziak egiten zituzten eta 200 itsasgizon lanean aritzera heldu ziren. Errenteria izan zen, 1590-1730 bitartean Euskal Herriko ontzigintza gune garrantzitsuenetakoa.

Espainiako erregeak Donostiari emandako pribilegioek ontzigintza sektorea ahuldu zuen.

Honez gain, Oiartzun ibaia lokaztu eta jendeak zaborrak botatzen zituen ibaira. Bestalde, hainbat itsasontzi hondoratu ziren eta horrek guztiak eragin zuen portuko urek geroz eta sakonera gutxiago izatea. Portua lehortzen joan zen eta itsasoa urrutiratzen.

Errenteria #ItsasTopaleku izan da eta da. Itsas bazterreko herria izanik, bere identitatearen oinarri da itsasoak dakarrena eta hori errenteriarren ADNan antzematen da.